[Ahötsa] Euskaraz ikasi (eta bizi) nahi dut!

Euskal Eskola Publikoaren alde Sortzen-ek antolaturiko festan 15.000 pertsona baino gehiago egon zirela jakin nuenean poz-pozik jarri nintzen. Izan ere, han geratzen dira eskola bakoitzak bere karpatxoak jartzen zirenean; edota euri jasa izugarria egin eta dena Lopez frontoiean ospatu zenean.

Aurpegiak margotuta, puzgarrietan gora eta behera, bazkariko plastikozko laban eta sardeska koloredunak kolekzionatzen ibiltzen ginen hasieran; geroago eskola arteko herri kiroletan; eta orain, urteak joan ahala hezkuntza eredu honek jasotzen dituen sostenguak handitzen ikusteak poztasun izugarria sortarazten dit.
Argi dago D eredua, kalitatezko aukera izaten jarraitzen duela eta honen aurrean hamaika hezkuntza programa asmatzeaz gain, edukia goitik behera aztertu eta irakasle zein ikasleen aurkako sorgin ehiza habian jarri dute. Honen baitan ezin nezake ahantzi azken asteotan hautsa arrotu duen gaia: D ereduko 10 ikasle truke programa batetik kanpo utzi dituzte haien espedienteak espediente hoberenen artean zeuden arren.
Antza denez, ez dute aski izan Euskal Herrian osoan 20.000 bat ikasle eta Nafarroan 3.000 bat ikasle mobilizatu zituen azken ikasle #M27Greba-ren harira 26 ikasle atxilotzearekin, edota herritik herriarentzat izango den Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lan egiten duten ikasleak gau eta egunez jarraitu, eta orain D ereduko ikasleak izateagatik, euskaraz ikasteagatik, geroz eta modu erasokorrean diskriminatzen hasi dira; gazteleraz errango genukeen bezala “acoso y derribo”.

Aurretik diskriminatuak izan gara eta izaten jarraitzen dugu: dela lanbide heziketan zein unibertsitatean Nafarroan euskaraz ikasteko ditugun aukerak penagarriak dira. UPNAko zeinbat gradu (daukan eskaintza urriaren barruan) egin daitezke euskara hutsean, hasieratik bukaerara? Zenbat dira UPNAko graduak euskaraz hasi eta hauek gazteleraz amaitu beharrekoak? Lanbide heziketako zenbat modulo edo kurtso egin daitezke euskaraz?
Euskaraz ikasi nahi dugu, baina ezin dugu.
Euskaraz bizi nahi dugu, baina ez digute uzten.
Nik ez dut Nafarroa euskararik gabe ulertzen. Mendeetan zehar euskararen erabilera murrizten joan den arren, ez al da “lingua vascorum, lingua navarrorum”? Euskara gure hizkuntza izateaz gain, gure nortasuna eta gure kulturaren zutabe garrantzitsuenetako bat den artean, gure hezkuntza sistema euskalduna beharko du izan ezinbestean.
LOMCE edota kanpotik inposatu nahi diguten edota inposatu dizkiguten hezkuntza erreformek, eredu merkantilista, heteropatriarkala eta inpesrialista (besteak beste) hezkuntzan barneratzeaz gain, euskararen aurkako etengabeko erasoa suposatzen dute.
Eraso eta jazarpen hauen aurrean alternatiba eraikitzeari ekiteko gogoari eutsi eta aurrera egin behar dugu, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko. Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala hezkidetzailea, herritarra eta partehartzailea izatea bezala, halabeharrez euskalduna izango dela ulertzen dudalako.
Ez ditugu ez LOMCErik, ez EU2015 bezalako hezkuntza erreformarik nahi ezta behar ere. Guk Euskal Hezkuntza Sistema Nazional bat nahi dugu, euskaraz hazi eta hezteko, euskaraz bizitzeko.
Euskara gure hizkuntza, gure kultura, gure nortasunaren zati garrantzitsu bat delako, jantz dezagun ahoa euskaraz eta hasi gaitezen denok egunero euskara erabiltzen eta baita, euskara ahoan, gurea denaren aurka egiten duten erreforma, lege etabarren aurrean kalera atera eta horiei aurre egiteko alternatibak eraikitzen.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s