[Plazaberri] Kezka bat dut

Badago gauza bat kezkatzen nauena, beno, bat ez, egia esan asko dira kezkatzen nauten gaiak, baina oraingoan gure herriko plaza birtual honetara bat ekarri nahiko nuke bereziki. Apika batzurentzat aspergarria izan daiteke, edota zuzenean ez zaie ezer interesatuko, baina tira.

Argi geratzea gustatuko litzaidake iritzi artikulu honekin inor epaitzea ez dudala helburu, baizik eta nire hauskarketa pertsonal batetik abiatuta, hizpide izango dudan gaiaren inguruan hausnarketa bat egitera gonbidatzea.

Belaunaldien arteko botere harremanaren eta honen inguruan sortzen diren jarrerei buruz idatzi nahi nuke gaurkoan; izan ere, uste baitut garrantzia ematen ez zaion gaia den arren pisu handikoa dela. Konturatzen hasi behar gara mendebaldeko herrialde garatuetan azken hamar urteetan biztanleria bizitzen ari duen aldaketa: jaiotza kopuruak heriotza kopuruak baino gutxiago dira eta geroz eta urte gehiagoz bizitzen gara. Gure herria zaharkitze horren adibide bat baino ez da, eta horren erru handia herriko gazteak kanpora bizitzera joan beharrak dauka. Etxebizitza aunitz hutsik egon arren, udaletxea ez da gai arazo honi aterabiderik emateko. Baina tira, hori ez da gaurko gaia.

Azkenaldian geroz eta “ukapen jarrera“ (ez dakit nola izendatu, beraz ukapen jarrera deituko diot) gehiago ikusten ari naiz jendartean: aiton-amonak gutxiesten dituzten gazteak, edota aldrebes haurrak eta gazteak gutxiesten dituzten helduak; gure historiarekiko edota beste kulturekiko gutxiespenak adibide txiki batzuk baino ez dira.

Pena handia ematen dit, benetan, horrelako jarrerek oso aberasgarriak liratezkeen esperientzia trukeak alferrik galtzen ikustea. Eta pena handiagoa ematen dit herri-mugimenduan horrelako jarrerak ikustea, botere harremanek guztiz baldintzatuta daudelarik.

Ez datsegit (ez dut gustoko) unibertsitatean ikasleoi campusa kartelaz betetzera bidaltzen gaituztenean; ezta gauzak egiterako orduan helduak gutxietsi eta alboratzen dituzten gazteak. Zer ostia ari gara egiten gure artean?

Okerrena da borrokatzen dugun sistema kapitalistaren botere harremanak erreproduzitzen ditugula gure bizitzaren arlo guztietan, baita herri mugimenduan ere: nerabe/gazteak lan prekarioa egitera (pankartak egin, kartelak jarri, lan astunena modu batera erratearren); “helduak” direnak  ardurak beregain hartu, plangintzak egin, bilerak dinamizatu, etab; eta azkenik “zaharrak” edo “adinekoak” (55 urtetik gorakoak) pixka bat alboratzen joaten gara eta gauza txikietara bideratzen ditugu dagoeneko zahartzen hasiak direlako.

Hau orokortutako gauza dela erran beharra dut, urteak igarotzearekin batera  han eta hemen ikusitakoarekin osatutako iritzia. Hala ere, egin dudan funtzio banaketa edo rol banaketa honekin jarrera batzuk areagotzen dira, esperientzia elkartrukaketa horri ateak zuzenean itxiz, eta okerrago dena, guztion iritziak eta proposamenak ez errespetatuz.

Etengabeko esperientzia trukaketak aberastasuna ematen dio mugimenduari, ez daukat zalantzarik eta uste dut inor ez dela honen aurka egongo.  Bide beretik, pertsona guztien iritzi eta esperientzia ezberdinak, ados egon hala ez, errespetatu eta kontuan hartzea berebizikoa da esperientzia trukaketen aberastasun horretaz baliatzeko.

Garaiak aldatuz doaz, baina zer izango litzateke gure jendartea gazteon amets egiteko eta benetan sinesten dugunaren alde borrokatzeko grin eta berebiziko ilusiorik gabe? Nora joango gintezke helduen bizipen eta esperientziarik gabe? Minik egingo al liguke gazteon zein heldu eta zaharren, esperientziadun zein berri baten gogo, ilusio, bizipen, ideiak nahastuz gero?

Horregatik hausnarketa bat egiteko gonbitea luzatzen dizuet galdera hauei erantzunez, esperientzien trukaketaren ukapena eta adinaren arabera ezartzen ditugun rolek eragiten diguten jarreren inguruan: zergatik ezartzen ditugu adinarekiko botere harremanak? Zein helbururekin? Zergatik batzuek izan behar dute arrazoia bakarrik eta besteak bestelako lanetara bideratzen dira?

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s